Nor da jolas-terapeuta?

Haurraren garapenaren aroetara egokiturik dauden teknika ludiko zein metodo terapeutikoetan espezializaturik dagoen profesionala da. Jolas-terapian aintzatetsia dagoen erakunderen baten bitartez –Play Therapy International, Asociación Española de Terapia de Juego edo Euskal Herriko Jolas Terapia Elkartea, kasu− formazio espezifikoa jaso duena.

Jolas terapeuta
Haurrak bidea gidatuko du eta terapeutak jarraitu egingo dio.

Haurraren jolasa ulertzeko eta horretan parte hartzeko prestaturik dago terapeuta. Konfiantzan eta ziurtasunean oinarritutako harremanaren bitartez, haurraren barne-gatazkak azaleratu eta horien kudeaketa ahalbidetuko du, eta, era berean, barne-emozio sakonenen deskarga eta ulermena erraztu miaketa bultzatuta.

Terapeutak benetako interesa, ardura eta begirunea du haurrarekiko, osotasunean, nahiz eta jolas-terapiaren testuinguruan soilik lan egin berarekin.

Jolas-terapeutak bere helduaroko zein haurtzaroko esperientzia eta sentipenak lantzea oso garrantzitsua da. Era horretan, bere familiarekin eta haurtzaroarekin adiskidetzeaz gainera, haurra lagundu ahal izateko autoezagutza nahikoa lortuko du.