Autore askoren ekarpena eta praktika dago diziplina terapeutiko honen atzean. Gaur ezagutzen dugun bezala izan eta izendapen hori eduki aurretik hasi zen sortzen. Jolasak haurrengan zuen ahalmen terapeutikoaz jabetu eta bide hori abian jarri zuten lehenak, Anna Freud (1928), Margaret Lowenfeld (1935), Melanie Klein (1961) eta Donal Woods Winnicott (1932) izan ziren. Haurren terapeuta psikoanalitikoak ziren, eta jolasaren balio terapeutikoaz ohartu ziren euren jardunean. Haurren psikoterapian erabili zuten jolasa, eta haurraren berezko jolasari helduen psikoanalisian ikusten den asoziazio librearen elementu berak egotzi zizkioten.
- Haurrak diren bezalakoak onartzea, kritikarik edo gaitzespenik gabe.
Bestalde, Carl Jungek (1940) eta Frances Wickesek (1963-1977) ere, haurraren jolasaren eduki sinbolikoari dagokionez, berebiziko ekarpenak egin zituzten. Aldaketarik handiena eta Jolas-terapiaren izendatzea nahiz zedarritzea Virginia Axlineren (1969) eskutik etorri zen, Carl Rogersen Bezeroarengan Zentratutako Pasikoterapia-ra egokitu baitzuen korronte psikoanalitikoa; hark sortu zuen Jolas-terapia Ez-zuzendua deritzona ere. Axlineren bideari jarraitu dion, eta arlo hori zabaltzen jardun duen haurren terapeuta azpimarragarriena Violet Oacklander (1988) dugu.
Arestian aipatu bezala, Virginia Axline da jolas-terapiaren autore adierazgarrienetako bat. Bere teoriaren arabera, Jolas-terapiaren zortzi printzipioak honakoak dira:
1.- Konfiantzazko, laguntasunezko, begirunezko eta afektuzko harreman arretatsu bat eraikitzea.
2.- Haurra den bezala eta norbanakotzat onartzea.
3.- Permisibitate jarrera izatea, haurrak era libre batean egin ditzan bere adierazpenak.
4.- Haurraren sentimenduak onartzea eta balioestea.
5.- Haurra errespetatzea: haurraren erantzukizuna da erabakiak hartzea eta aldaketak egitea.
6.- Bidea haurrak zuzentzea: hark gidatuko du bidea eta terapeutak jarraitu egingo dio.
7.- Terapia presaka ez egitea: haur bakoitzak bere prozesua du.
8.- Terapiari eusteko beharrezkoa diren mugak jartzea.