Erresuma Batuko jolas-terapiak (PTUK) 2002ko urriaren 1ean argitaratutako bertsioan oinarritzen da jolas-terapiarako, arte-terapiarako eta seme-alabekiko jolas-terapiarako esparru etikoa. Halaber, jolas-terapiari eta seme-alabekiko jolas-terapiari buruzko ikerketan, jolas-abilezia terapeutikoen erabileran eta zerbitzu horiek erakundeen baitan ematean ere aplikatzen da. PTUK-ko kide guztien jarduna jasotzeko asmoa du.
Aholkularitza eta psikoterapiako Britainia Handiko elkarteak (BACP) sortutako esparru etikoa du oinarritzat PTUKren esparruak, eta egokitu eta zabaldu egin dugu haurrekin lan egiteko behar bereziak direla eta. BACPren esparru etikoaren zati handi bat erabiltzen duenez gero, PTUK-k BACPren egiletza eta copyright-jabetza aitortzen ditu Berne hitzarmenaren pean, eta eskerrak ematen dizkio BACPri baimena emateagatik eta laguntzeagatik. Bestalde, esparru hau Play Therapy International (PTI) erakundearekin batera ere prestatu da, jardunaren estandar bateratuak sustatzeko herrialde guztietan. Adierazpen honetan, profesional hitza modu generikoan erabiltzen da haur eta nerabeekin (16 urtetik beherakoak) jolas terapeutikoa, jolas-terapia, arte-terapia eta seme-alabekiko jolas-terapia egiteko ardura duen edonori buruz aritzeko. Hartara, profesional deritzogu rol hauetako edozein duen norbaiti: terapeuta, seme-alabekiko jolas-terapiako trebatzaile edo mentorea, aholkularia, psikoterapeuta, entrenatzailea, hezitzailea, gainbegiralea, ikertzailea, aholku-abilezien hornitzailea edota zerbitzu horietako edozeinen kudeatzailea. Erabiltzaile hitza zerbitzu horietako edozein jasotzen dituena adierazteko erabiltzen da. Erabiltzaileak honako hauek izan daitezke: haurrak, gurasoak/zaintzaileak, bikoteak, familiak, taldeak, erakundeak edota zehaztu daitekeen beste edozein gizarte-unitate. Ohiturak eta testuingurua zein diren, baliteke beste nolabait deitzea profesionalari eta erabiltzaileari jarduna gertatzen den lekuan.